XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5.12. POTENTZI FAKTOREAREN HOBETZEA

Oro har, instalazio industrialetan hartzaile induktiboak erabili ohi dira: motoreak, transformadoreak, deskargako lanparak... Elementu hauek guztiak, dagokien eremu magnetikoa sortu ahal izateko, aintzat hartu behar dugun potentzia erreaktiboa garatzen dute.

Berez zurgatzen ez den potentzia izan arren (ziklo-laurden batean jasotakoa hurrengoan itzultzen du), sarean sortarazten duen korronte-hazkundeak, energia elektrikoa sortzen eta banatzen duen enpresaren kostuak igoarazi egiten ditu.

Egoera hori dela eta, enpresa hornitzaileak potentzi faktore ona ( baino altuagoa) edukitzea eskatzen dio bezeroari.

Bestela potentzi faktore txarra edo eta potentzia erreaktibo desegokiari dagokion gaintasa ezarriko dio.

Hau da, bezeroak hornitzaileari ordaindu beharreko tasa V.I itxurazko potentziari dagokiona da, nahiz eta potentzia aktiboa ustiatzen duen.

Potentzi faktore ona edukiz gero, beraz, etekin handiagoa aterako zaio ordainduriko energiari.

Hau dela eta, bezeroak berak du potentzi faktore ona edukitzeko interesa, edo eta hobetzeko interesa txarra baldin badauka.

Ezaugarri induktiboa duen potentzia erreaktiboari aurre egin asmoz, sarean paraleloan kondentsadoreak ezartzen dira. Ikus 5.33. irudia.

Kondentsadoreek harilak garatutako potentzia erreaktibo partziala edo eta osoa zurgatzen dute.

Karga Induktiboa / 5.33. irudia.

Harilek, ziklo-laurdenean, kondentsadorean deskargatzen dute potentzia erreaktiboa.

Ondorengo ziklo-laurdenean aldiz, kondentsadorea da potentzia hau harilera berbideratzen duena, honek beharrezko eremu magnetikoa sor dezan.

Behin eta berriz errepikatzen da eragiketa hau. Horrela, harilaren potentzia erreaktiboa linean zehar sorgailura iristea saihestuko da.

Potentzi faktorea hobetuta, sarean itxurazko S potentzia txikiagotzea lortuko da, potentzia aktiboa aldatu gabe. Honek, korrontea nabarmen jaisten du, eta ondorioz hainbat abantaila ditu: lineako eroaleen sekzioa txikiagoa behar izatea, tentsio-jaitsiera murriztea eta potentzi galera txikiagoa izatea.